105. iruzkina, 2003ko urtarrilaren 1a
Asia ipar ekialdea datorren hamarkadan
2002 urtean munduaren begiak Iraq-n jarri badira ere neurri handi batean, munduaren lurralde garrantzitsuago batean, Asiar ipar ekialdean, pasa den urtean gauza oso garrantzitsuak jazo izan dira. Txinan beste jenerazio gazteago batek hartu du oinordekotza. Japonia piskanaka eta isilik AEBetatik aldenduz joan da, baita Alemania ere. Korean bi gertakizun izan dira bazter haietako egoera alda lezaketeenak eta baita mundu osoarena ere.
Ipar Koreak Bush presidentearen egite gogorraren aurrean hortzak erakutsi ditu, joko horretara bi aldeak jolas daitezkeela azalduz. Bushek bere aldetik negoziazioak eten ditu Ipar Korearekin eta bere delako "gaiztakeriaren ardatzean" sartu du herri hau. Ipar Koreako gobernuak behin eta berriro adierazi du txikitze gaitasun handiko armak dituela, bere erreaktore nuklearra berrabiaraziko duela eta Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziaren ikuskaritza nuklearrerako gailuak itzaliko dituela. Modu beretsuan Hego Koreak Roh Moo Hyun aukeratu du –Milurteko alderdiaren hautagaia-. Kim Dae Jung presidenteak izandako "eguzki bero" politika mantentzea agindu du azken honek. Egia da hautaketa nahiko hestua izan dela, baina orain dela oso gutxi arte hautagai kontserbadoreago batek irabaztea espero zen, "eguzki beroa" politikatik aldenduago zegoena. Egia dena zera da, Bushen aurkako sentimenduak irabaztea ahalbidetu diola Roh Moo Jun-i, duela hilabete gutxi Gerhard Schroeder-i ahalbidetu zion bezalaxe.
Epe laburrean, AEBen aurkako bi erronka hauek Bush presindentearentzat muturreko galanta dira. Baliteke azken honen buruan egotea Iraqeko arazoa konpondu eta Saddam Hussein garaitu ostean korear arazoei aurre egitea. Baina azkenean ezin izanen du gauza handiegirik egin. Ipar Koreari dagokionean bi aukeren artean erabakia hartu beharko du, negoziatu edota aurre egin nola ahala. Nahiz eta negoziatzeko gogorik ez izan, gerraren aukera ez da batere gustagarria, izan ere azken gerrak berdindu egin baitzituen. Eta ikuspuntu militar eta politikotik munduko egoera azken 50 urte hauetan asko aldatu bada ere, nork esan AEBei oraingoan ezberdina izanen denik? Argi dagoena zera da: gerra izanen balitz, Hego Koreako populazioa eta estatu batuar tropak heriotz erraza izaten ahal dutela. Baina Ipar Koreak AEBak negoziazio mahaira hurbiltzea lortuz gero, Bush presindentearen buru makurtze itxura hartzen ahal zaio.
Bushek Ipar Korearen auzokoak (Hego korea, Japonia, Txina eta Errusia) AEBekin elkartzea espero du nonbait, edozein negoziazio baino lehen Ipar Koreak bere egitarau nuklearra bertan behera uztea lortzeko. Esanak esan, ez da batere erraza izanen auzokide hauek Bushen programan gehiegizko esfortzua egitea, baina Ipar Korearen egitaraua deuseztea ere gogoko izanen lukete. Dena dela ezinezkoa da Ipar Korea presio horiek makurtzea.
Akatsa litzateke egoera hau berehalako arazoen inguruan besterik gabe kokatzea. Epe luzean Asiako ipar ekialdeko lurralde historikoen –Txina, Korea eta Japonia- buruhausteak eta nola elkar lotzen diren hiru bazter haietako buruhausteak kontuan izatea komenigarria da aldiz. Txinaren lehentasunak argiak direla ematen dute: herria batuta mantentzea, militarki indartzea, munduko produkzioan duten partehartzea handitzea eta Taiwan berreskuratzea. Gainera, Txinako gobernuarentzat duten garrantziaren arabera sailkatu ditudala iruditzen zait. Azken hamarkadan Txinako gobernuak lau aldeetan aurrerapauso garrantzitsuak egin ditu, eta badirudi datorren hamarkadan ere halaxe eginen dituela. Hala eta guztiz ere lehen helburuan huts eginen balu- herria bateratuta mantentzea-, gainerako hirurak ezinezkoak izanen litzaizkioke. Eta Txinako gobernuak honakoarekin ongi jokatu duela jakin arren, badaki ongi aski barne egoera arriskutsuei egin beharko diela aurre behin eta berriro.
Korearen ustean –bai Iparra eta bai Hegoa- lehen eginbeharra bateratzea izanen da orain eta baita gero ere. Baina nola eta ze ordainetan? Bi gobernuak ez daude kontzesio politiko garrantzitsuak egiteko prest, eta ez bada aldaketarik gertatzen bateratzea ezinezkoa da. Ekonomikoki Ipar Koreak nahiko etsita dagoela ematen du eta Hego Koreak aldiz mundu-ekonomian duen leku on samarra mantendu nahi du. Baina azken hau munduko ekonomiaren beherakadarekin larrituta dago eta baita berariazko bateratzeak edozein unetan ekartzen ahal dizkion gastu erraldoien beldur ere. Alemaniar esperientzia abisua da hego Korearen kontzientzia kolektiboarentzat. "Eguzki bero" politikaren aldeko ipar korearrek Gorbachev ipar korear bat ailegatuko dela espero dutela suposatzen dut, baina ezin da jakin zer gertatuko litzatekeen benetan agertuko balitz.
Japoniari dagokionean, animo politikoa egun erabat zer egin ez jakiteak mugatuta dago eta duten sentsazioa da, batek zer egin ziur jakiten ez duenean onena deus ez egitea dela edo ezer gutxi behintzat. Bi zalantza argi daude: 1970 eta 1980ko hamarkadetan zehar Japoniak erakutsitako munduko ekonomiaren mugikortasuna nola berreskuratu; eta ohiko potentzia militar bihurtu edo ez, eta horrekin batera mundu mailan antzezle semi-independiente izatea.
Errealitatea zera da: Asiako ipar ekialdeko hiru bazter hauek dituzten arazoek ez dituztela konponbide ezberdinak. Erabat elkartuta daude konponbideak, munduko eszenan Asiako ipar ekialdeak joka dezakeen papera batzeko duten aukerak baldintzatzen du. Batu, ekonomikoki batu daitezke eta baita triangelu kooperatibo militar eta politiko bat eratu ere. Horrek ez luke ekarriko bakoitzak dituen arazoen konponbide hutsa, baizik eta arazo historiko oso sakonak astintzea ere bai. Ez Koreak eta ez Txinak ez diote oraindik Japoniari barkatu XX. mendeko lehen erdiko bere politika erasokorra; Japoniak oraindik ere Txina eta agian baita Korearekiko ere zor kultural baten sentsazio kronikoa pairatzen du. Eta azkenaldera izandako lorpen guztiek ere ez dute lortu japoniak nolabaiteko inferioritate sentsazio hori ezabatzea. Eta Txina eta Koreak elkarrenganako deskonfidantza handia dute oraindik.
Baina, hala eta guztiz ere, hiru lurrraldeek elkarri emateko asko daukate, eta geografikoki gertu egotea ez da harremanetan jarrarazten dituen gauza bakarra, baizik eta Europako Ekialdeak baterazeko erabiltzen duen kulturatik oso ezberdina ez den heredentzia kulturala dute. Baina egoeran geopolitika da lehen maila betetzen duena. AEBn hegemonia beherakada garai honetan Asiako Ipar Ekialdeak konpetentzi handiagoa du Ekialdeko Europarekin AEBekin baino. Europa Ekialdea baita kapital gehien batuko duen eremua datorren mende erdian. Eta mundu-sistemaren trantsizio garai honetan, Asiar Ipar Ekialdeak ezin izanen ditu bere posizioak mantendu, ez bada ezberdintasun globalaren eta Hegoaldearen eskakizunen (kulitatiboki mundu-sistematik ezberdina den tipo bat) aferari aurre egiteko gai. Zentzu batean bezala bestean, kapitala batzeko foko moduan edo egungo mundu-sistema gainditzeko, Asiar ipar ekialdeak ezin izanen du jokatu nahi duen papera ez badu modu batean edo bestean bat egiten. Eta bateratze hori hiru herrialdeen arazoak konpontzeko gaitasunaren eta konpontzeko elkarri laguntza ematearen arabera dago.
Immanuel Wallerstein (2003ko urtarrilaren 1a)
© Immanuel Wallerstein 1998, 1999, 2000, 2001.
Copyrigth-ren jabegoa, Immanuel Wallerstein. Kopia eskubide guztiak bere eginda. Iruzkinak disko gogorrean kopiatu daitezke, euskarri elektronikoen bidez hedatu edo posta elektronikoaren bidez igorri, baina ezin daitezke inongo euskarri inprimatutan zabaldu copyright eskubideen jabe den pertsonaren baimenik gabe (iwaller@binghamton.edu).